Zihara
Zihara
Ariana
Ariana
Dani
Dani
Gure proposamena, funtsean, Peryferyka Podcast bideopodkastean xedatzen da; non askotariko gaiak jorratuko ditugun, beti ere tonu garaikidea izanen dutelarik. Oro har, gugandik esperoko litzatekeena zinema munduari buruz hitz egitea da, baina hortik harantzago joanen gara podkast honetan eta sorkuntzari, arteari eta adierazpen bide ezberdinei buruz hitz egiteko abagunea ere hartuko dugu. 
“Ez dira gai teoriko esplizituak, baizik eta filosofikoak, hausnarketara bultzatzen dutenak”. Horrela definitzen dugu podkastaren mamia. “Begirada gazte batetik abiatuta sor daitezkeen solasaldi guztiei zukua aterako diegu hainbat gonbidatu bidelagun ditugularik”. Bai guk eta baita gonbidatuek ere testuinguru garaikidean, eta bereziki arte eta ekintzailetzaren alorretan, presente dauden auzien gain gogoetak burutuko ditugu. 
Aktore Arrasatear honek euskal zineman eragin eta ibilbide zeharo arrakastatsua izateaz gain, guregan ere inpaktu nabarmena izan du. Guzti honetan hasiberriak besterik ez ginen hartan, gurekin lan egiteko prest agertu zen hasieratik eta bere lankidetzari esker “Larramendi” eta “El Color del Engaño” lanak direnak izatera iritsi dira. Mariasunekin lan egitean bere esperientzia eta jakinduria nabaritu izan ditugu, eta horregatik gure solaskidetzat hautatu dugu podkast honetan. Berarekin interpretazioari, antzerkiari eta tankerako beste hainbat gairi buruz hitz egiteko aukera izan genuen; eta, batez ere hasierei buruz, bai berea eta baita gurea ere nahiko ezohikoak izan direlako. 
Eider Sánchez, Xander, bele beltza. Guretzat Charli XCX euskalduna, bere hiperpop abestien letrek barrenak nahasten dizkiguten arren, dantza egiteko bezain doinu biziekin abesten ditu abeslari gazte honek. Gaztea maketa lehiaketak musikagintzaren ateak zabaldu zizkion, eta gaur egun Xander goitizenarekin sinatutako proiektuan ez ezik beste hainbat ekimenetan gogotsu ari da, esaterako, Zirrara hirukoteko partaide da. Eider bidelagun, gaztea izanik norbere ideiak islatuko dituen proiektu bat garatzearen nondik-norakoei buruz aritu gara. Tartean, sorkuntza prozesu orok dituen gorabeherak azpimarratu ditugu, eta bitxikeria pare bat ere jakin izan ditugu Eiderri buruz. 
“Aukera kostua” kontzeptuaren baitan makina bat gogoeta egon daitezke. Guk metafora zuzenean bertsolaritzaren bat-batekotasunarekin lotu dugu, eta podkastean jarduera horri buruz sakontasunean hitz egin dugu. Bestalde, artista baten bizitza bera ere aukera kostuz josia dagoela deritzogu, norberarengandik espero den horrekin guztiz bat ez egitetik hasi eta artea sortzeko uneko erabaki-hartze nahiz auzietaraino. Guzti honi buruz hitz egiteko Oihana Arana izan dugu gurean. Bertsolaria eta idazlea izanik, artista munduan hartu beharreko erabakiei, norabideei eta gainditu beharreko erronkei buruz mintzatu gara. Baita Oihanaren haurtzaroari eta bere hastapen uneei buruz ere.